Euskera hobetzen II

EZER, INOR 


Ø ezer 1. Gogoan izan ezezko esanahia izateko 'ez' behar duela.

        —Zer nahi duzu? —Ezer. Ez dut ezer hartuko*

        —Zer nahi duzu? —Ezer ez. Ez dut ezer hartuko.

 

ezer 2* Kontuz kalkoekin, mailaketa adierazteko 'batere' erabiltzen baita.

Filma ez zitzaidan ezer gustatu*

Filma ez zitzaidan batere gustatu.

 

Goiz jaikitzea ez zait ezer kostatzen*

Goiz jaikitzea ez zait batere kostatzen.


Ø inor. Gogoan izan ezezko esanahia izateko 'ez' behar duela.

 

—Nor ikusi duzu? —Inor. Ez naiz etxetik atera*

—Nor ikusi duzu? —Inor ez. Ez naiz etxetik atera.


inor gutxik (inork gutxik*). Esamolde honetan, 'inor' hitza ez da deklinatzen.

       Inork gutxik ulertzen du zertarako balio duten*

   Inor gutxik ulertzen du zertarako balio duten.

Berria. Estilo liburua


 

Ipuina

 

—Zer dun maitea? —galdegiten dio osabak.

—Amak gatu-humeak oso hil ditu.

—O gaiztoa! Eta hik begiratu nahi hituen?

—Ez, nihauk hil egin nahi nituen

Jon Mirande

«Humore beltzaren adibideak», Egan, 1960, 3-6. Jon Mirande, Gauaz parke batean: ipuin izugarriak

Iruzkinak

  1. Euskara hobetzen III
    Euskaltzaindiaren arauak

    28. Aditzoinen forma

    Salbuespenak salbuespen, honela laburtu daiteke araua [28. araua]:

    a) Partizipioa -tu (-du) amaitzen bada, hura kenduta:

    hartu > har;

    bazkaldu > bazkal;

    belztu > beltz (*belz);

    zehaztu > zehatz (*zehaz);

    hustu > huts (*hus)...

    Izenetik, izenondotik eta adberbioetatik sortutako aditz eratorria denean, partizipioaren forma ere onartzen da aditzointzat: ume/umetu, eder/edertu, urrun/urrundu, huts/hustu...

    b) Partizipioa -i formaz amaitzen bada, hura kenduta:

    etorri > etor,

    erosi > eros,

    irakurri > irakur,

    utzi > utz...

    Salbuespenak: aditz-izena -tze izanik, haren aurrean -i- badago (jaikitze, jalgitze, etsitze, bizitze, aritze...), -i- hori ez da galtzen (*jaik, *jaig, *ets, *biz, *ar...> jaiki, jalgi, etsi, bizi, ari...).

    Itxi eta etsi aditzek beti berekin eusten diote -i horri:

    *itx ezazu > itxi ezazu,

    *ez dezagun ets > ez dezagun etsi (Ez hala, ordea, etsi aditzetik eratorritako aditzek —alferretsi, askietsi, baietsi, balioetsi...—, arau nagusiaren arabera jokatzen baitute). Iritzi eta eutsi aditzetan bi aldaerak onartzen dira.

    c) Badira -t bukaera duten aditzoin gutxi batzuk: laket/laketu, ausart/ausartu, bat/batu, oroit... (aditz eratorriak dira, oinarrian -t dutenak); ezagut, lant/landu, lot, ohart/ohartu... (literatura-tradizioan hala ageri izan direnez, hala onartu dira).

    d) Gainerakoen aditzoinak eta partizipioak berdinak dira: egon > egon, laga > laga, hil > hil, eho > eho...



    ESTILO-AUKERAK. Bi dira behinenak:

    1. Ahaleran, aginteran eta subjuntiboan, zein erabili behar da: aditzoina ala partizipioa (etor/etorri)? Euskaltzaindiaren arauak ez du beharkizunik sortzen, biak dira zuzenak, baina euskara batuan, bateko eta besteko tradizioa kontuan izanik, aditzoinaren (etor zaitez, ekar ezazu) aldeko joera da nagusi. Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna (379. or.) liburuan, berariaz dago esana: “Euskaltzaindiaren gomendioa aditzoina erabiltzea da”. Esan beharrekoa da, hala ere, Hegoaldeko idazle, argitaletxe eta komunikabide batzuek partizipioa erabiltzen dutela sistematikoki.

    2. Aditz eratorrietan (gazte/gaztetu, elkar/elkartu, zehatz/zehaztu), aditzoinak bi forma dituenean (-tuduna eta -tu gabea), zeinen alde egin behar da? Horretan ere Euskaltzaindiaren arauak ez du beharkizunik sortzen, eta ez du ez hobespen ez lehenespenik eman. Nolanahi ere, euskara estandarrean, -tu/-du forma osoa idaztearen aldeko joera ari da nagusitzen Hegoaldean: gizenDU dadin, lodiTU daiteke, gauzaTU dezagun, etab.

    ErantzunEzabatu

Argitaratu iruzkina

Blog honetako argitalpen ezagunak

San Antonion euskeraz

Pasartea I

Podcast I - Transkripzioa